Etxarri Aranatz

1936AN ERAHILDAKO PERTSONA BATEN GORPUZKINAK AGERTU DIRA ETXARRI ARANATZEN

1936AN ERAHILDAKO PERTSONA BATEN GORPUZKINAK AGERTU DIRA ETXARRI ARANATZEN

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, 1936an hildako pertsona baten gorpuzkinak aurkitu dituzte, Etxarri Aranazko udalerrian, Lizarrustiko parajean. Atzo, larunbata, prospekzio bat egin zuten, Olaberriako familia batek sustatua eta Nafarroako Gobernuak diruz lagundua. Goizean, Paco Etxeberria antropologo eta mediku forentsearen zuzendaritzapean, lehenik kaskiloak eta balak agertu ziren, eta aurrerago hezurrak. Exhumazio lanak gaur goizean amaitu dira.

ADN proben bidez konfirmatzea falta da, baina dagoen informazioaren arabera gorpuzkinak Marcelo Lasa Ceberiorenak dira. Abertzalea izateagatik 1936ko abuztuaren 25ean Lizarrustin hil zuten. Olaberriako (Gipuzkoa) 17 urteko gaztea zen.

Oso itxaropen gutxi zegoen gorpuzkinak aurkitzeko, eta emozio handiko uneak bizi izan dira arrastoak aurkitu direnean. Hezurrak oso hondatuta daude toki basan eta hezean zeudelako, euriaren azidotasunaren eraginpean. Buruhezurra erabat deseginda dago eta hanketako hezurrak kontserbatu dira batez ere. Laborategian proba zientifikoak egin ondoren, emaitzak Nafarroako Gobernuak sortutako ADN bankuan gordeko dira.

Toki zehatza aurkitzeko erabakikorra izan da Francisco Lakuntza Larraza etxarriarraren lekukotasuna. Orduan Lizarrustin bizi zen eta heriotzaren lekuko izan zen 6 urte zituela. Berak emandako zehaztasunei esker, eta familiak eta Aranzadi Elkarteak jasotako datuak oinarri hartuta, heriotzaren leku zehatza aurkitu ahal izan da.

Etxarriko Udalak eskerrak eman nahi dizkie lehenik familiari, izandako inplikazioagatik eta kemenagatik, jarraitzeko Aranzadi elkarteko kideei, egindako lan profesionalagatik, eta amaitzeko Nafarroako Gobernuari, exhumazio hau bere gain hartzeagatik.

Etxarriko Sufrimemduaren Mapan beste urrats bat eman da aurkikuntza honen bidez. Etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko, beharrezkoa da iraganeko korapiloak askatzea, eta memoria eta erreparazioa bermatzea.

ARGAZKIETAN: gorpuzkin arrastoak; aurkitutako kaskiloak, puntak, balak eta koilara bat; erabiliko zuten eskopetaren antzeko bat; Aranzadiko kideak lanean; Olaberriako familia fosaren parean, familiako argazki bat eskuetan dutela; Ana Ollo Kontseilaria eta Josemi Gaston, Nafarroako Mamoriaren Institutuko zuzendaria, eta Eneka Maiz, Etxarriko alkatea.

BIDIOETAN: Paco Etxeberria exhumazio lanak zuzentzen eta gorpuzkinei buruzko azalpenak ematen.

https://www.facebook.com/644936945714315/posts/929895577218449/

ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus