Etxarri Aranatz

ETXARRIKO UDALA AURREZPEN ENERGETIKOAN BURU-BELARRI ARI DA

ETXARRIKO UDALA AURREZPEN ENERGETIKOAN  BURU-BELARRI ARI DA

HERRIKO ARGITERIAN HOBEKUNTZAK BETE-BETEAN

Otsailaren 25ean hasi dira kaleko argiteria LED teknologiara aldatzeko lanak, eta apirila arte luzatuko dira.

Udalak kaleko argiteriaren instalazioa partzialki berrituko du, zaharkitua dagoelako, eta hainbat kaletan led argiak jarriko ditu, batetik argitasun kalitatean hobetzeko, eta bestetik aurrezpen energetikoa urrats garrantzitsuak ematen jarraitzeko. Lan horiek 244.663,40  €-tan lizitatu ziren, eta azkenik 232.985 €-ko esleipena egin zitzaion lizitazio-lehiaketa irabazi zuen Aldakin enpresari (%21eko BEZa kanpo). Horri gehitu behar zaio proiektuaren erredazkzioa eta obraren zuzendaritza (13.028,92 € + %21eko BEZa). Inbertsio honek %60ko diru-laguntza izango du, Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioetarako Planetik.

Gogoan izan Etxarriko Udalak azken urteotan 70.000 € inguru gastatzen dituela urtero argi-kontsumoan: 40.000 € inguru kaleko argiterian, eta 30.000 € inguru udal eraikinetan (Kultur Etxea, Jubilatuen Egoitza, San Donato ikastetxea, Udaletxea, Futbol Zelaia, Pilotalekua, Liburutegia, Musika Eskola, Danbolintxulo haurtzaindegia eta udal pabiloiak).

Aurreikusten da Udalak egindako inbertsioa 5 urtean berreskuratuko duela, aurrezpen energetiko handia ekarriko baitu (%65eko aurrezpena). Gogoan izan behar dugu argiaren prezioak izugarri egin duela gora azken urteotan (%50), eta Udala ahalegin berezia egiten ari dela aurrezpen energetikoan hobetzeko, aurreztutakoa beste behar batzuetan inbertitzeko.

Esan bezala, egin behar diren lanek bi hobekuntza ekarriko  dituzte:

Batetik, herriko argiteria koadroen errebisioa egin da. Kontuan izan behar dugu Etxarriko kaleko argiteria 6 koadrotan dagoela antolatuta: Udaletxekoa, Hiltegi Zaharrekoa, Kioskokoa, Malkorramendikoa, Arluzepekoa eta Bureinakoa. Bada, argiteriaren azterketa egiterakoan, ondorioztatu zen hiru koadro eta euren distribuzio-sistema oso zaharkituta daudela, eta berritu egin behar direla: udaletxekoa, Arluzepekoa, eta Bureinakoa. Beraz, 3 koadro horiek eta kable-sarea berritu, hobetu, sinplifikatu eta automatizatu egin behar dira. Bestetik, Arluzepeko eta Bureinako koadroak bateratu egin behar dira, argiteriaren kudeaketa sinplifikatzeko eta efizienteagoa izateko.

Bestetik, hainbat kaletan led argiak jarriko dira, aurrezpen energetikoan hobetzeko: Kale Nagusiaren sortaldeko kaleak (udaletxe inguru guztia), Aritzetabide inguruko kaleak, Zugarreta eta Bureina inguruko kale guztiak, eta Andra Mari baseliza ingurukoak (ikusi krokisak). Proiektu teknikoan kale horiei lehentasuna eman zaie, berritu diren koadroei lotuta daudelako, eta bestetik, efizientzia gutxieneko luminariak eremu horietan daudelako. Kale eta eremu batzuk argiz erreforzatu egingo dira, ilun antza daudelako. Aurreikusten da efizientzia energetikoan aurrezteaz gain, argitasunean ere asko irabaziko dela.

Gogoan izan legealdi honetan hainbat kaletan dagoeneko led argiak jarri dituela Udalak, argi kalitatea asko hobetuz, eta kontsumoa merkatuz: Aldapasoron, Kale Nagusian, Santa Kitzen eta San Kirikon. Berritu gabe geratuko diren kaleak hurrengo inbertsioetan aurreikusi beharko dira.

Lanak otsailaren 25ean hasi dira, eta aurreikusten da apirilaren erdialdean amaituta egotea. Zugarreta kaletik hasi dira, eta gero Bureina aldea egingo da; jarraian Arluzepe aldea eta gero Alde Zaharra eta Aritzetabide aldea. Lan horiek irauten duten bitartean, kale batzuetan tarteka iluntasuna egongo da. Barkatu eragozpenak.

 

BESTELAKO HOBEKUKNTZAK ETA AURREZPENAK

Kaleko argiterian aurreikusitako lanez gain, Etxarriko Udala udal eraikinetan aurrezteko plan bat jarraitzen ari da. Bestalde, Garapen Agentziaren bidez udal eraikinen Efizienzia Energetikoko Memoria egin zen, neurri zehatzak jarraitzeko. Bestalde, Udalak San Donato Eskolan eraikinaren Efizientzia Energetikoko Diagnostiko espezifikoa ere egin zuen.

2019an aurreikusten da Herriko Pilotalekuan fokoak aldatzea. Kirola Departamenturik %50eko diru-laguntza izatea aurreikusten da. Foko horiek zaharrak eta hondatuak daude (partiduetarako nahikoa argirik ez dago), eta gainera kontsumo izugarria dute. Bestalde, kontsumo baxuko 3 argi-anbiental jarri dira, partidurik ez dagoenean fokoak piztu behar ez izateko.

 Jubilatuen Elkarteko kontsumoa jaisteko ere  plan bateratuan egin da Gure Ametsa Jubilatuen Elkartearen eta Udalaren arteko elkarlanean; batez ere berogailuaren kontsumoari dagokionez.

Gasari dagokionez, Udala Adelfas Energia komerzializadorarekin lanean hasi da, eta gas fakturan urtero 3.152 € inguru aurreztea aurreikusten da. Udal eraikinetan berogailuetan gas kontsumoa handia denez, azterketa bat egin zen eta udal eraikin batean biomasa bidezko berogailua jartzeko ikerketak ere aurrera doaz, aukera guztiak aztertuz eta baloratuz.

Kanpinean, baita ere, Eseki enpresarekin batera argi eta gasoleo kontsumoak aztertu eta autokontsumoan oinarritutako mikro-sare bat jartzeko aukera aztertzen ari da Udala.

Gogoan izan, bestalde, Udala Goiner kooperatibako kide egin dela. Goiner Kooperatiba energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa bultzatzeko elkartea da, energia garbiaren eta autokontsumoaren alde lan egiten duena.

ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus