Etxarri Aranatz

UEMA

UEMA ETA ETXARRI ARANATZ

Etxarri Aranazko Udalak hainbat urte daramatza UEMAn, 1999ko irailaren 27tik da UEMAko kide. Udalak euskararen aldeko konpromisoan aurrerapausoak eman nahi dituela eta emanen dituela adierazten du, UEMAren proiektuan parte hartzearekin.

UEMA aitzindari euskararen normalizazioan

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea hasieratik izan da aitzindaria euskararen normalizazioaren bidean. Mankomunitatea 1991n eratu bazen ere, 80ko hamarkadan eman zituen lehen urratsak. Euskal Herrian Euskaraz taldeak bultzatuta. 1991n, 14 udalekin jarri zen abian mankomunitatea, eta orduz geroztik apurka handitu egin da. Gaur egun, 61 udalerri gara eta ekainaren 9tik aurrera, gutxienez 66 izatea espero dugu.

UEMAk honako hiru helburu hauek ditu hastapenetik:

1 Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea.

UEMAko udalerrietan administrazioaren zerbitzu guztiak euskaraz eta euskaldunekin ematea dugu helburu. Eta horretan ez da udala soilik sartzen, osasun zerbitzuak, bake epaitegiak, kutxak, ostalaritza, merkataritza eta gainerakoak ere sartzen dira.

2 Udalerri euskaldun guztiek bat eginik euskara nagusi izango den lurgunea osatzea.

Hizkuntza orok derrigor lurralde bat behar du, hizkuntza bat nagusi izango duen lurgunea. Lurgune hori udalerri euskaldunak dira. Udalerri bakoitzak bere aldetik baino hobeto jardungo dugu proiektu baten inguruan bilduta, eta proiektu hori erreferentziala izango da Euskal Herriko euskaldun guztientzat, etorkizuneko bidea urratuko baitu.

3 Udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomikoa eta sozio-kulturala bultzatzea.

Udalerri euskaldunak oso garrantzitsuak dira euskararen normalizazioan. Euskararen kalitatea, sinbolikotasuna eta integrazio ahalmena udalerri euskaldunetan gordetzen da. Krisi ekonomikoak zein bestelako arazoek udalerri euskaldunak ez ahultzeko, garrantzitsua da babes neurriak hartzea.

Zertan da aitzindari UEMA?

1. Mankomunitate izan baino lehen, udal elebakarren mugimendua izan zen, eta mugimendu horrek euskara hutsez lan egiteko ordenantzak bultzatu zituen.  Hori izan da euskaraz bizitzeko eskubidea legean islatzeko ahalegin garrantzitsuenetako bat.

2.   UEMA aitzindari izan da administrazioa euskalduntzeko bidean: UEMAko udal batean lortu zen udal langileak euskaldunak izateko eskakizuna ezartzea eta UEMAko udaletan jarri ziren abian udalaren funtzionamendua euskalduntzeko aurreneko planak. Gerora, legeetan ezarri dira halako betekizunak.

3.    UEMAk frogatu du badagoela udal administrazioan euskara lehentasunezko hizkuntza izatea eta erdaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzea, elebitasun orekatuaren eredua gaindituz. Gainera, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egindako azterketetan frogatzen denez, UEMAko herriak dira euskararen normalizazioan aurreratuenak.

 

4.    UEMA euskalgintzako eragileekin lankidetzan dabil, hainbat esparrutan. Gaur egun, hitzarmena du Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin eta elkarlanean dabil Kontseiluarekin, besteak beste. Zenbait erakunderekin ere baditu hitzarmenak: Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kutxarekin eta Euskadiko Kutxarekin.

 

5.    Merkataritza eta ostalaritza establezimenduekin ere lanean dabil, eta doako zerbitzua eskaintzen die mankomunitateko herrietako merkatariei eta ostalariei, euskarazko materiala eskura dezaten: itzulpenak, euskarazko hiztegiak…

 

6.    Etorriberriak integratzeko eta euskarara gerturatzeko ahalegin handia egingo dugu UEMAko udalerrietan: harrera plan baten bidez, etorriberriari nor garen azalduz eta euskararen lurraldera etorri direla esanez.

 

7.    Gure artean euskaraz lan egiteko gai diren profesional asko ditugu. Zerbitzua euskaraz jaso nahi dugun herritarrak ere ugari gara. Horretaz konturatuta, UEMAn “Profesional euskaldunen gida” sortu genuen. Euskaraz lan egiteko gai diren profesional eta enpresen datuak ditugu, eta euskarazko zerbitzua jaso nahi dutenen esku jartzen dugu, doan. Era berean, profesional euskalduna bazara, zure zerbitzua idatziz zein ahoz euskaraz eman badezakezu, bertan izena eman dezakezu. 

 

Zer da arnasgunea eta zergatik da garrantzitsua UEMA bezalako arnasguneak izatea euskarak?

 

 

"Euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe...” (M. Zalbide, 2009)

 

“Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusi den esparruak behar ditu. Arnasgune horietan, eta ez beste inon, bilatu beharko du biziberritu nahi den hizkuntzak helduleku nahikorik, bai belaunaldiz belaunaldiko trasmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboari, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokionez.

 Arnasgune horiek zaindu, sortu eta, hala balitz hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez,  lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI.mende hasierako hizkuntza politikan.” (Eusko Jaurlaritza, Euskara XXI, 2009).

 

Arnasgune bateko kide izatearen harrotasunaz jabetu behar dugu, gure herriek besteei eskaintzen dietenaz kontziente izan eta harro sentitu.

Gure herriek arnasgune izaerari eusteko eta euren balioa besteekin partekatzeko dugun erantzukizunaz ohartu behar dugu.

Hizkuntza-ekologia praktikara eraman behar dugu, ekologismoaren oinarriak hizkuntzara ekarrita:hizkuntza batek bizirauteko berezko ingurua (habitata) behar du, babestu beharrekoa, naturan animaliek eta landareek bezalaxe.

 

 Zergatik du garrantzia UEMAk euskararen biziraupen eta normalizazioan?

 

  •  Askotan, udalerri bakar batek -handia, tartekoa edo txikia izan- ez du nahikoa indar izaten erakunde eta enpresa handiek kontuan har dezaten. UEMAren helburua da udalerri euskaldunen ahots bateratua behar den toki guztietara helaraztea, herrien errealitatea aintzat hartzeko.

 

  • UEMA sortzeko oinarrian hartu zen euskararen legeko artikulu hura justifikatzeko erabili zen argudio soziolinguistikoa indartu egin delako, eta soziolinguista asko direlako oraindik hizkuntza baten biziraupenerako erreserba elebakarrak behar direla diotenak.

 

  • UEMAn biltzen diren herriek guztien artean hizkuntza alorrean egiten dituzten borrokek indar handia dutelako.

 

  • Gure udaletan herrien izaerara egokitutako hizkuntza politikak sustatzen ditugulako, bestelako  instituzioek egiten ez dutena.

 

  • Herri euskaldunetan hizkuntza politika aurrerakoiak egin ahal ditugulako, eta hori UEMAren bidez koordinatuta egiten delako.

 

  • UEMAk geografia kontuan izan gabe, hizkuntzak batzen duen lurralde bat irudikatzen duelako.

 

  • UEMAkoak bezalako herriak gaur egun arte bizirik mantendu izana etorkizunean ere bermatu egin behar delako.

 

Horregatik guztiagatik, UEMAko kide izateaz  harro sentitzen gara!

 

UEMAko web orria: www.uema.org/

Bilatzailea
Telefono interesgarriak
Azken dokumentuak
Egutegia
Azken albisteak
ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus