Etxarri Aranatz

Otsoportillon eginen den ekitaldi herritarrean parte hartzeko gonbitea

Otsoportillon eginen den ekitaldi herritarrean parte hartzeko gonbitea

Gaur, ostirala, 11:00etan Etxarriko Udaletxean egin den prentsaurrekoan irakurritako testua:

1980. urtetik hasita, urtero urtero 1936an Sakanan fusilatuen senitartekoak biltzen dituen elkarteak eta Etxarri-Aranazko udalak irailaren lehenengo igandean 1936ko altxamendu faxistak eraildakoen omenez Urbasako Otsoportillo leizearen parean ekitaldi bat antolatzen dute. Aurtengoan  altxamendu faxistaren 76. urtea betetzen da eta oraindik orain guztiz argitu gabe eta egindako mina konpondu gabe segitzen duelako.

 

1936. urteko uztailaren 18an piztu zen altxamendu militar faxistak odolez eta malkoz bete zituen Etxarri eta Sakanako herri guztiak. Langile eta nekazari txiroen eskubideen defentsan nabarmendu ziren sindikalistak; matxismoaren kontra eta bere eskubideen alde borrokatu eta lan egiten zuten emakumeak; zinegotzi eta alkate ezkertiar edota abertzaleak; jendarte jokaera aurrerakoien alde egiten zuten maisu, sendagile eta funtzionarioak izan baziren errepresioaren alderik krudelena pairatu zutenak ere. Halaber, gogoratu behar da faxisten erasoa herritar guztiengana hedatu zela: dozenaka izan ziren iraindutako emakumeak, sakeatutako ondasunak, ihesera behartutako bizilagunak…

 

Izua, izua hedatu nahi zuten faxistak herritarren gehiengoaren babesa zuen II. Errepublikak martxan jarri nahi zuen aldaketa politiko eta soziala geldiarazteko. Izua hedatu nahi zuten herritar gehienak miseriara kondenatuz aberatsen interesak bermatuko zituen sistema politiko eta ekonomikoa inposatzeko. Bai eta lortu ere. 40 urtez luzatu zen 1936ko altxamendu faxistak ezarritako sistema politikoa, bere buruzagia zen Franco jenerala ohean hil zen arte.

 

Francoren heriotzaren ondotik ireki zen aro berriak ez du ekarri altxamendu faxistaren biktimek eskatzen duten gertatutako egiaren aitortza, are gutxiago hainbeste merezi duten justizia eta erreparazioa ere. Ez da egon erregimen frankistarekiko benetako hausturarik;  trantsizioak demokraziaren formak eta itxura duen sistema politikoa indarrean jarri izanagatik frankismoan agintea eskuan zuten  sektore berberek segitu dutelako benetako boterea kudeatzen. Altxamendu faxistaren atzean egon ziren pertsona eta erakundeek ez dute ezer ordaindu, duela 76 urte egindako sarraskiengatik. Errepresaliatuen senitarteko eta borroka lagunek ez dute merezitako kalte-ordainik jaso, eta gainera, 1936an eraildakoak  defendatzen zuten aldaketa politiko eta sozialerako aukerak erabat galarazita daude nazio eta langileen eskubideak ukatzen dituen egungo sistema konstituzional espainiarrean.

 

Oraindik orain, egungo sistema politikoa kudeatzeko ardura duten PSOE, PP eta UPNk ez dute bete faxismoaren biktimek eskatzen dutena: egiaren aitortza, justizia ete erreparazioa. Oraindik orain, herria da, herritarrak gara duela 76. urte erailak izan zirenen memoria goratu eta etorkizunari begira bizirik eraman nahi dugunak. Dei zabala luzatu nahi diegu Sakana eta Euskal Herri osoko herritarrei datorren igandean, irailaren 2an, eguerdiko 12:30etatik aurrera Urbasako Otsoportillo leizearen parean eginen den ekitaldi herritarrean parte hartzera.

ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus