Etxarri Aranatz

OSASUN ZERBITZUAK EUSKARAZ NAHI DITUT!

OSASUN ZERBITZUAK EUSKARAZ NAHI DITUT!

Etxarri Aranazko osasun zerbitzuak  EUSKARAZ NAHI DITUT ! 

Sinatu ezazu  eskaera-orria Osasun Etxean, Etxarriko udaletxean (10:00-14:00), Liburutegian (16:30-20:00) eta herrian jarriko diren bilketa puntu berezietan. Maiatzaren 31 baino lehen!!

Etxarri Aranazko Udalak, EHE, UEMA eta Sakanako Mankomuniteko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean, abian jarri dute Mediku euskalduna nahi dut ekimena. Haren helburua Etxarriko osasun zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatzea da. Herritarrak Nafarroako Gobernuari zuzendutako eskaera sinatzera animatu dituzte. Kanpaina indarrean egonen da maiatzaren bukaerara arte.

Mediku euskalduna nahi dut ekimena UEMA, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, EHE, Euslatzaleen Topagunea, Behatokia eta Kontseiluaren elkarlanaren fruitua da. Kanpaina martxan egon da Baztanen, Bortzirietan eta Leitzaldean. Orain Etxarrira iritsi da.

Egoera

Euskararen Legearen arabera, “herritar guztiek dute administrazio publikoarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beraz, eurek aukeratzen duten hizkuntza atendituak izateko eskubidea”.

Zoritxarrez, Nafarroako Gobernuak etxarriarroi ez digu bermatzen osasun asistentzia guztia euskaraz izatea. Adibiderik nabariena Emakumeen Arretarako Zentroa da. Bertako lanpostuek ez dute euskara eskakizunik: ginekologoa, emaginak, hezitzailea eta administraria. Bestalde, Osasun Etxeko beste lanpostuetan ere ez da beti bermatzen profesionalek euskaraz jakitea; are gutxiago bertako mediku, pediatra edo erizainen ordezkoak kontratatzen direnean, edo urgentziazko zerbitzuetan.

Eskatu zerbitzu euskalduna

Horren aurrean, Etxarriko Osasungintza lantaldeak herritarrei dei egiten die zerbitzu euskalduna izateko eskaera formala egin dezaten. Horretarako eskaera eredu estandarra sortu dute, Etxarrin jasotzen diren osasun zerbitzu guztiak euskaraz jasotzea nahi dela adieraziz. Zehazki, hiru eskaera egiten dira:

-1. Lanpostu horiek plantilla organikoan euskara eskakizuna izan dezatela.

-2. Dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea.

-3. Idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila (hizkuntza paisaia, agiriak, zitazioak, txostenak, aholku-zerrendak…).

Eskaera Etxarriko osasun zerbitzuen (Osasun etxea eta Emakumeen Arretarako Zentroa) erabiltzaileek sinatu dezakete. Sinatzeko adinez nagusia izan behar da.

Eskaerak biltzea

Maiatzaren 31ra arte eskabide horiek sinatu eta jasotzeko zenbait puntu jarriko dira Etxarrin: Osasun Etxean, Etxarriko udaletxean (10:00-14:00), Liburutegian (16:30-20:00), Ikastolan, eta herrian jarriko diren bilketa puntu berezietan.

 Behin eskaera guztiak bilduta, Nafarroako Gobernuan aurkeztuko dira. Behatokian eta Arartekoan ere aurkeztuko dira.

 

 

ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus