Etxarri Aranatz

MERKATARITZA EZ EGONKORRARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

11. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 17a

Merkataritza ez egonkorrari buruzko udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2016ko urtarrilaren 13ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Merkataritza ez egonkorrari buruzko udal ordenantzaren aldaketa.

Onespenaren erabakia 2016ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 16an. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, ordenantza behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.

Etxarri Aranatzen, 2016ko abenduaren 30ean.–Alkatesa, Eneka Maiz Ulaiar.

MERKATARITZA EZ EGONKORRARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Etxarri Aranazko udal mugapean merkataritza ez egonkorra arautzea du xede ordenantza honek, eta Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean onetsi da, eta osasunaren arloan aplikatzen ahal den araudiko osasun baldintzak bete beharko ditu.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

2. artikulua. Kontzeptua eta moduak.

1. Ordenantza honi dagokionez, salmenta ez egonkorra da saltoki iraunkor batetik kanpora ohiko edo noizbehinkako merkatariek egiten dutena.

2. Kalez kaleko salmenta edo salmenta ez egonkorra modu hauetan egin daiteke:

a) Merkatu txikietan, aldizkakotasun jakinean eta tokiak aldez aurretik erabakita.

b) Salmenta noizbehinkako edo aldian behingo merkatuetan, festak, feriak edo bestelako ospakizunak direla-eta.

c) Herriz herriko salmenta denda-ibilgailuetan.

3. Etxarri Aranazko udal mugapean ordenantza honetan biltzen diren baldintzetan baizik ez da utziko salmenta ez egonkorretan edozein modutan aritzera; debeku da kalez kaleko bestelako salmenta.

4. Kalez kaleko salmenta modu hauek ez dira salmenta ez egonkortzat hartzen:

–Etxez etxekoa.

–Salmenta automatikorako aparatuen bidez egiten dena. -Loteriena edo bestelako partaidetzak ausazko joko baimenduetan.

–Merkatari egonkorrak bere saltokiko ate ondoan egiten duena.

5. Hauek, berriz, salmenta modu ez egonkortzat hartzen dira eta, beraz, ordenantza honen aplikazio esparrukoak dira:

–Merkatu finkoetan egiten dena.

–Merkatu berezi aldian behingoak ez direnetan egiten dena.

–Artisau-merkatuetan egiten dena.

II. Kapitulua

Noizbehinkako merkataritza

3. artikulua. Noizbehinkako merkataritza aldian behin egiten da, herriko toki zehatz batzuetan eta festa tradizionaletan, betiere Alkatetzak berariaz baimendutako toki eta egunetan.

Espresuki hartzen dira noizbehinkako merkataritzatzat herriko festetan, ferian edo jendearen etorri handiko lekuetan, egiten diren salmentak.

Eskatzaileek 8 artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

III. KAPITULUA

Merkatu txikien jarduera

4. artikulua. Merkatu txikitzat hartuko da produktuen salmenta antolatua, jakiena barne, astean behin egiten bada urte osoan, saltokietan antolatuta, betiere Alkatetzat berariazko baimena eman ondoren, hark tokia ere zehaztuko baitu.

5. artikulua. Merkatu txikia erabakitzerakoan, haren ezaugarriak zehaztuko dira. Hauek gutxienez:

a) Haren kokaleku zehatza,oro har kale Nagusiko plaza izanen baita, eta saltokien kokapena.

b) Baimena noiz arte izanen duen indarra, betiere urtebete baino laburragoa izanik. Beste ospakizun batzuk egun eta toki berean eginez gero edo tokia murrizten bada, bestelako toki bat zehaztuko da.

c) Zein egunetan eginen den, astelehena izanen baita, non ez den jaieguna; hala balitz, asteartean eginen da. Herriko festetan eta San Kiriko eta San Adrian festa-egunetan ez da merkatu txikirik eginen.

Datak eta ordutegia; printzipioz, honako hauek:

c1) Ordutegia: urte osoan, saltzaileak goizeko 7:00etatik aurrera hasiko dira sartzen.

Gaiak deskargatu ondoren, ibilgailuak eraman eginen dira merkatuaren eremutik, betiere goizeko 9:00ak baino lehen.

c2) Goizeko 9:00etatik aurrera debeku da saltzaileak sartzea (saltoki finkoen esleipen hartzaileak) eta haien tokian beste postu bat jartzen ahalko da. Merkatu txikiak goizeko 8:00etatik 13:00ak arte funtzionatuko du. Beranduenez 13:00ez geroztik, salmentarako espazioa libre geldituko da saltzaile eta salgai mota guztiez.

c3) Postuak desinstalatzeko, kentzeko eta garbitzeko 14:00ak arte izango dute saltzaileek.

d) Gehienez ere zenbat postu egonen diren, eta, behar izanez gero, lehentasunezko irizpideak ezarriko dira, baimena emateko helbidea Etxarri Aranatzen daukaten merkatariei.

e) Halako produktu baten araudiak haren salmenta debekatzen badu, ez da hura saltzeko baimenik emanen.

Ikuskatzailetza zerbitzuek ibilgailuari edo arestian zehaztu eskaintzari dagozkion higiene arauak betetzen ez dituzten produktuak salgai jartzea debekatuko dute edota, bestela, dekomisatuko osoki identifikatzea zaila izan edo narriadurak erakusten dituztenak.

Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarritako osasun araudia beteko dute, eta ontzietan sartu eta etiketatuko dira, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.

f) Sasoikako saltzaileendako 4 saltoki gordeko da gehienez, beren ekoizpenak sal ditzaten, baita sasoiko produktu edo salgaiak ere. Horrelakotzat hartzen dira piperrak, barkilloak, gaztainak, palmondo adarrak, izeiak eta turroiak, besteak beste.

Udalaren organo eskudunak merkatu txikian gordetzen baditu nekazariek beren uztetatik saltzeko saltokiak, haien eskatzaileek 8. artikuluan adierazitako dokumentuez gain, uztak biltzen dituzten udalerriko idazkariaren ziurtagiria ekarri beharko dute, eskatzailea uzta-biltzailea dela frogatzeko.

6. artikulua. Ezinbestez, merkatu txikia ez bada egiten ahal, saltoki baten kontzesioa duen esleipen-hartzaileak eskatzen ahalko dio Udalari, idatziz, egun horretako tasaren ordainketa.

IV. KAPITULUA

Udal baimenak

7. artikulua. Kalez kaleko salmenta indarra duten xedapenek arautuko dute eta horretan aritzeko baimenak Alkatetzak tramitatuko ditu, eta ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen direla ziurtaturik.

8. artikulua. Merkatu txikietan saldu ahal izateko udal baimenak lortzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira uneoro.

a) Eskabidea egin baino lehen, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafean inskribaturik egotea eta behar den tarifaren ordainketa eguneratua duela frogatzea.

b) Etxarri Aranazko Udalean behar diren udal tasen eta eskubideen ordainketa eguneratua izatea.

c) Gizarte Segurantzako dagokion sailean inskribaturik egotea eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuak dituela frogatzea.

d) Jarduera ekonomikoaren arriskuak estaltzen dituen erantzukizun zibileko asegurua izatea, 13/1989 Foru Legearen 4.6. artikuluak xedatzen duen bezala.

e) Merkataritzaren xede izanen diren salgai edo produktuen inguruan, erregelamendu tekniko-sanitarioek eta aplikatzekoak gerta daitezkeen bertzelako xedapenek eskatu baldintzak beteko dituela ziurtatzea.

f) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta bere kasa lanean aritzekoarena izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren araberakoak.

g) Beharrezko den udal baimena eskatzea. Horretarako datu hauek eman beharko dira:

–Izen-deiturak.

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Herria, kalea, zenbakia eta solairua, baita posta kodea eta telefonoa ere.

-Salgaiak garraiatzen dituen ibilgailuaren matrikula eta titularraren berrikitako argazki bat.

–Saltokiaren neurriak, behar bezala egiaztatuak.

–Baimenduta saldu nahi diren gaiak, zehatz-mehatz.

–Titular beraren saltokietan lan egiten duten jendeei buruzko deklarazioa.

2. a) Udalaren baimenen titular direnek bi argazki beharko dituzte, karnet tamainakoak, eta ezarritako tributuak ordaintzera beharturik egonen dira, banku-bulegoetan edo banku transferentzia bidez. Sasoikako saltokien kasuan, udal langileari ordaindu ahalko zaio zuzenean.

9. artikulua. Sasoikako saltokiak.

Halaber, baimena ematen ahalko da sasoikako saltokiak paratzeko: gehienez ere, hiru hilabeterako urte naturalaren barnean. Saltokia zenbat denboratan okupatzen den, horren arabera egokituko da tarifa. Iritziaren araberakoa izanen da eta, beraz, Udalak balio gabe uzten ahal du, arrazoiak ikusita, komenigarritzat jotzen duenean, baina horrek ez du inolako kalte-ordainik edo gisakorik ekarriko. Halaber, baimena ezeztatzen ahalko da interesdunak idatziz eskatuta. Kasu horretan ez du eskubiderik izanen horretarako ordaindu duen zenbatekoa itzultzeko.

10. artikulua. Urtero, baimen guztiek abenduaren 31n galduko dute indarra eta, beraz, urtero berritu behar dira. Esan bezala saltoki finkoak berritu ahal izateko, azaroaren 15etik abenduaren 15a bitartean eskatu behar da, eta ordenantza honetan galdetzen diren agiri guztiak ekarri.

Edozein unetan eskatzen ahal dira baimenak, baldin eta emanda daudenak udal plangintzaren arabera baimendu daitezkeenak baino gutxiago badira.

Produktuen salmenta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan agertutakoa izanen da, eta Udalari aurkeztutako eskabidean ere.

11. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideek merkatu txikian saltzen aritzeko udal baimena jaso dezakete.

Ordenantza honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileei errekerimendu eginen zaie, hamar eguneko epean zuzen bete dezaten aurkeztutako dokumentazioa; horrela egiten ez badute, eskaerari uko egin diotela ulertuko da; aldez aurretik ebazpena emanen da eta hura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluko baldintzetan eman beharko da.

2. Esleitzeko epean bete gaberik izanez gero, aurkeztu diren eskatzaileen artean hautapena eginen du Udalak, irizpide hauetan oinarriturik: produktu berak salgai jartzen dituzten saltokiak ez errepikatzea, kasu sozialen balorazioa, une bakoitzean dagoen eskariaren balorazioa eta Etxarri Aranazko udal mugapean eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

12. artikulua. 1. Pertsona bakoitzak salmentarako baimen bakarra eskuratuko du.

2. Baimenak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta gehienez ere urtebeterako indarra izanen dute.

Hala ere, titularra hiltzen denean edo lanerako baliaezintasun iraunkorra edo erretiroa hartzen duenean baino ezin izanen da baimendu behin bakarrik baimena ezkontidearen edo harekin bizi diren seme-alabetako baten alde lagatzea. Dena den, titularraren egoera hori behar bezala egiaztatu beharko da eta lagapena egoera hori sortzen duen gertaera gertatzen denetik hiru hilabeteko epean eskatu beharko dute. Lagapen-hartzaileak ordenantza honetan saltokien titularrentzat ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

13. artikulua. Baimenaren agiriak honako hau jasoko da: saltokiaren titularraren datu pertsonalak eta argazkia, postuaren zenbakia edo kokalekua, eta zein produktu saltzen ahal diren bertan.

v. kapitulua

Merkatu txikiko eremurako eta saltokietarako baldintzak

14. artikulua. Ordenantza honen 5. artikuluan ezarritako tokian kokatuko da merkatu txikia: kale Nagusiko erdiko plaza.

15. artikulua. 1. Ibilgailu egokietan baimendutako salmentan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.

2. Non ez den salmenta egiten ibilgailutik beretik, gainerakoak plazatik kanpo egon beharko dira, saltoki paratzen denetik kentzen den arte, gehienez ere goizeko 9:00etatik 14:00ak arte.

3. Saltoki guztiek beren titularrei emandako baimenak ikusgai izanen dituzte, erosleak kokatzen diren tokitik erraz irakurtzeko maneran.

4. Debekaturik dago saltokietan megafonia eta musika paratzea, eta baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere. Musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak jar daitezke eta musika jaulki, betiere, indarra duen araudiak musika sortzen den lekuan baimendutako gehieneko soinu maila gainditzen ez bada.

16. artikulua. Kamioi-dendei baimentzen zaizkien salmentek nahiz saltokiek ezin izanen dute bide-markek mugaturiko azalera baino handiagoa okupatu; horiek saltokia mugatzeko lerroen barnean egon beharko dute, bai salgaia bai paradaren elementuak.

Hegalkinen bertikalak ezin izanen ditu inoiz muga lerroak gainditu, eta handik zintzilika dauden gauzek eskura egoteko behar bezalako altuerara egon beharko dute. Horrek salmenta lerroa gainditzen ahalko du, bezeroak nahiz salgaiak babesteko, eguraldi txarra izanez gero, eta ez die inoiz trabarik eginen merkatu txikiaren erabiltzaileei.

Saltoki bakoitzean salmahairako eremua saltzaile bakoitzak salmentarako egokiena uste duena izanen da, betiere saltokia mugatzen duten lerroen barnean.

17. artikulua. Baimenean okupatzeko ezarritako azalera errespetatu beharko da zorrotz; eta kasu bakoitzean dagokion tasa aplikatuta.

2. Saltokien banaketa Alkatetzak eginen du bere kasa, baimenei eta horretarako prestatuko den planoari jarraikiz.

18. artikulua. Salgaien erakusketa euskarri edo salmahaietan eginen da, lurretik gutxienez ere 80 zentimetrora, non ez diren landareak, bolumen handikoak, etab. Fabrikazio edo ekoizpen akats ezkutuak dituzten produktuak saldu nahi izanez gero, elikagaiak kanpo, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko maneran. Saltzaileak jatorrizko marka eta salgaien jatorria egiaztatzen dituen dokumentazio behar adinakoa eduki beharko du.

VI. KAPITULUA

Osasun ikuskapenak, administrazio kontrolak eta zaintza

19. artikulua. 1. Eremu publikoko saltokietako gai eta produktuen osasun kontrola eta ikuskapenak osasun arloko agintari eskudunei dagozkie.

2. Etxarri Aranazko Udalari dagozkio eremu publikoko salmentaren kontrolak eta zaintza. Haren lana izanen da ordenantza hau zuzen betetzen dela zaintzea, hura betetzean hautematen diren irregulartasun guztiak, eta okupatzen ez diren saltokien kontrola.

VIi. KAPITULUA

Saltzaileen eskubide eta betebeharrak

20. artikulua. 1. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:

a) Dagozkien saltokiak okupatzea.

b) Baimendutako gaiak saltzea, onartzen diren egun eta orduetan.

2. Saltokietan lanean ariko dira baimendutako jendeak edo salmentan laguntzen dutenak. Orobat, baimendutako pertsonaren menpe dauden langileak ari daitezke, hots, bertzeren kontura lanean ari direnak. Baimendutako pertsona horrek laguntzaileak Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean sartuta daudela frogatu beharko du, betiere baimena lortzeko eskabidea egitean horren berri eman bazuen.

21. artikulua. Eremu publikoan saltokiak jartzeko baimena duten pertsonek hiru arlotan izanen dituzte betebeharrak: osasungintzan, merkataritzan eta zergetan.

22. artikulua. Higiene eta osasungintzaren arloan une bakoitzean indarra duen araudian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte elikagaiak merkaturatzen dituzten saltokiek.

Produktuen higienea:

a) Elikagaiak, ontziratuak izan edo ez, ez dira lurrean zuzenean jarriko; izan ere, kutsatzea eragotziko duen garaiera batean jarri beharko dira beti. Elikagaiak garraiatzeko ibilgailuek beteko dute aplikatu beharreko araudiak dioena.

b) Ontziratu gabeko elikagai guztiak, frutak eta barazkiak kenduta, jendearengandik behar bezainbat babesturik egonen dira beti, beira-arasetan eta gisakoetan sartuak.

c) Urdaiazpiko eta hertzekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazgaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute.

Urdaiazpiko eta hertzekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean.

d) Salmentatik kenduko dira behar bezala kontserbatzen ez diren produktu guztiak. Puntu honetan, nagusiki, haragikiak hartzen dira kontuan (odolkiak, saltxitxak eta gisakoak), baita bakailaoa eta hotza behar duten esnekiak ere.

e) Debeku da elikagaiekin xerrak, xerrendak eta apurrak egitea, non eta saltokiak ez dituen, osasungintzaren eta higienearen aldetik, gutxieneko baldintzak, hala nola ur hargunea eskuak garbitzeko, lanabesak eta eskuztatzeko leku aski, kanpoko kutsaduretatik babestua eta garbitzea erraztuko duen azalera duena.

f) Tradizioko arrazoiengatik, onartuko da haragikien eta gazta onduen “noizbehinkako mozketa” (puska handietan) eta bakailaoari mozketa bat egitea, gillotina bereziarekin, eskuztatu ahal izateko.

Saltokiko higienea:

a) Saltzaile bakoitzak du saltokia eta inguruak garbi eta txukun edukitzeko ardura, eta lanaldia bukatuta garbi-garbiak utzi beharko ditu. Horretarako ez da salgai, ontzi, saski edo antzekorik utziko haren gibelean edo inguruan.

b) Zaborrak utziko dira Udalak horretarako prestatu edukiontzietan. Hondakin larriak, kartoizko ontziak, saskiak etab. hautsi beharko dira edo tolestu edo txikitu, edukiontzian sartu ahal izateko. Ez dira inola ere edukiontziaren inguruan utziko.

Horrela egin ezean, likidazioa egingo da, eta, horretarako, tasa % 20an igoko da. Arau haustean berreroriz gero, egunero 50 euroko fidantza jartzea eskatuko da.

c) Elikagaiak saltzen dituzten saltoki guztiak idorpean egonen dira, haiek babesteko.

d) Merkatu txikiaren esparruan ez da animaliarik sartzen utziko.

e) Ordenantza honetan adierazitakoa gorabehera, Iruñerriko Mankomunitatearen Hiri Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ordenantzan ezartzen denari jarraituko zaio.

23. artikulua. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak ikusgai paratzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko maneran.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak saltzeko maneran edukitzea. Betiere, baimenduriko produktuak baizik ezin izanen dira ikusgai jarri.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan nahitaezkotzat jotzen diren agiri guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Saldu nahi diren gaien ondoan salneurria idatzirik paratzea, argi eta zehatz. Horretarako, salneurri errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira. Errotulu guztietan euskararen presentzia bermatu beharko da.

f) Pisu eta balantzeetarako udal organo eskudunak ezar dezakeen kontrastea onartzea.

g) Baimena zein produktutarako eskatu eta eskuratu den, horiexek saltzea eta ez besterik.

h) Jardueran erabilitako materialen hondar eta enbalaje guztiak kentzea eta saltokiak okupatutako tokia garbitzea 14:00ak baino lehen. Horretarako, Sakanako Mankomunitatean horren ardura duen organoarekin jarri beharko da harremanetan.

24. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

Onetsiriko tasa eta eskubideak ordaintzea.Hiruhileko bakoitzaren hasieratzat honako hauek hartuko dira: urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a.

VIiI. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

25. artikulua. Baimenen titularrak erantzule izanen dira, ordenantza honetako xedapenak hausten badituzte haiek beraiek edo saltzen laguntzen duten langileek.

26. artikulua. 1. Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

A.–Arau-hauste arinak:

a) Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek larri edo oso larritzat ez badira hartzen.

b) Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:

–Merkatu txikia hasten den ordu berean saltzen ez hastea.

–Saltokia baimenik gabe hiru egun edo gutxiagotan itxia edukitzea, aurretik idazki batean justifikatu gabe.

–Udal baimena jendaurrean ez izatea.

–Ordenantza honi jarraikiz, saltokietan aritzeko baimena duten pertsonak egon beharrean, bertze batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

B.–Arau-hauste larriak: Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

b) Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.

c) Merkataritzaren xede diren gaiak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.

d) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

e) Parada esleitu den saltokian ez paratzea, Administrazioak espresuki baimendu gabe.

C.–Arau-hauste oso larriak: Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

b) Saltzeko baimenik ez izatea.

c) Udal agintari, funtzionario edo agenteei haien eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, larderiatzea edo mehatxatzea.

d) Saltokia baimenik gabe sei egun edo gutxiagotan itxia edukitzea, aurretik idazki batean justifikatu gabe.

e) Kontzesio hartzaileak saltokiaren kontzesioa ematea.

27. artikulua. Arau-hauste arinak 150,00 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 151 eurotik 600 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 600,01etik 3.000 eurorainoko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kendu edo baliorik gabe utzita.

Aurreneurri gisa, salgaiak bahitzen ahalko dira, baldin eta, egindako jarraipena eta gero, merkatuan saltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste bada; agintari eskudunaren ustez osasunarentzat arriskurik sortzen badute, edo saltzeko behar den baimenik ez bada, konfiskatu eginen dira.

28. artikulua. 1. Espediente zehatzaileen prozedura indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.

2. Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatik zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarra duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Zehapen ahalmenaren prozedurarako Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat tramitatuko da.

3. Zehapenak ezartzeko ahalmena alkatearena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak emanen die haien berri.

4. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

IX. Kapitulua

Ordenantza fisakleko ezaugarriak

Zergapeko egintza.

29. artikulua. Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupean ondoko erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezi hauek egitea da zergapeko egintza:

a) Erabilera publikoko lurrak eta lekuak okupatzea Kale Nagusian, kalez kaleko salmenta egiteko.

30. artikulua. Honelakoetan ez da prezio publiko hau ordaindu beharko:

a) Urtero urrian egin ohi diren abere ferietan lurrak okupatzeagatik.

b) Halako feria edo erakusketa batzuek gizarte, kultura edo hezkuntza aldetik dituzten ezaugarriengatik, Udalak, komenigarri juzgatzen badu, dagozkien tasetan osorik edo partez hobaria ematen ahal die. Hobari hori okupazio lizentziarekin batera emanen da.

Ordaindu beharra noiz sortzen den.

31. artikulua. Prezio publiko hauek ordaindu beharra Udalak behar den lizentzia ematen duenean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

32. artikulua. Udal lizentziarik izan gabe aprobetxamendua hasten bada, arau honetan ezarritako prezio publikoak pagatzeak ez ditu izandako aprobetxamenduak legeztatuko eta kalteordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordaintzera behartuak daudenak.

33. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik arau honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak jasotzen dituztenak.

c) Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe ere Udalean baja aurkezten ez dutenak.

Karga-oinarria.

34. artikulua. Tarifak aplikatzeko karga-oinarriak hauen araberakoak izanen dira:

a) Kalez kaleko salmentaren tasak: diru-kopuru finko bat, zenbat metro karratu okupatzen diren, hainbeste.

e) Gisako xedeetarako lurrak bestela okupatzen badira: kopuru finkoa.

Tarifak.

35. artikulua. Tarifak Udalbatzak onetsiko ditu urteoro.

Diru-bilketa.

36. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusitako prezioen dirubilketa, honela eginen da:

a) Postuak okupatzeagatik ordaindu beharreko prezioen dirubilketa eginen du:

1.–Horren ardura duen udal langileak.

2.–Postu finkoen kasuan, ordainarazpena hiruhilero eginen da eta “jakinarazpenik gabekotzat” joko dira. Zergadunek ordainketa helbideratu ahalko dute banku edo aurrezki entitatean.

3.–Onetsiriko tasa eta eskubideak ordaintzea.Hiruhileko bakoitzaren hasieratzat honako hauek hartuko dira: urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean,Etxarri Aranazko merkatu txikietan saltokiak okupatzeko emandako baimenek indarra izanen dute bertan jarritako epean. Dena den, bukatzen direnean berritu behar dira, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe uzten dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrakoak diren udal xedapen guztiak eta espreski Etxarri Aranazko udala 2008ko otsailan onartutako Kalez kaleko salmentari loturiko erabilera pribatiboak, aprobetxamendu bereziak, zerbitzuak eta jarduerak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. (Behni betik onespena NAOn 2009/02/13 argitaratu zen).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. eranskina

Saltoki finkoak

3 metro lineal arte (x 3 metro zabal): 45 euro/hiruhileko.

5 metro lineal arte (x 3 metro zabal): 70 euro/hiruhileko.

6 metro lineal arte (x 3 metro zabal): 85 euro/hiruhileko.

Metro lineal gehigarria(x 3 metro zabal): 15 euro/hiruhileko.

Sasoikako saltokiak

3 metro lineal arte (x 3 metro zabal): 4 euro/eguneko.

6 metro lineal arte (x 3 metro zabal): 8 euro/eguneko.

Metro lineal gehigarria(x 3 metro zabal): 2 euro/hiruhileko.

Iragarkiaren kodea: L1700127

 

ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus