Etxarri Aranatz

ETXARRIKO UDALAK ARRAZOI POLITIKOEK ERAGINDAKO SUFRIMENDUAREN GIZA-MAPA EGITEA ENKARGATU DU

ETXARRIKO  UDALAK  ARRAZOI POLITIKOEK ERAGINDAKO SUFRIMENDUAREN GIZA-MAPA EGITEA ENKARGATU DU

PRENTSAURREKOA

Joan zen asteazkenean (hilak 24), Etxarri Aranazko Udalak prentsaurreko bidez iragarri zuen Etxarri Aranazko sufrimenduaren mapa osatzeko azterketa lan bat enkargatu duela, zerbitzu espezializatu baten bidez (Euskal Memoria Fundazioa). Agerraldian  egon ziren alkatea (Eneka Maiz), bi zinegotzi (Silvia Marañón eta María Saez de Albeniz) eta Euskal Memoria Fundazioko lehendakaria (Iñaki Egaña).

PROIEKTUA

Jakina da Etxarrin 1936tik hona giza-eskubideen hainbat urraketa egon dela, arrazoi politikoek eragindakoa. Gertaera horiek sufrimendu handia ekarri die urteotan hainbat herritar eta senitartekori, eta gure herrian arrasto handia utzi dute: hildakoak, atxilotuak, torturatuak…

Alabaina, oraindik ez da egin gai honi buruzko ikerketa edo diagnostiko orokorrik. Egitasmo honen xedea da hutsune hori betetzea, eta 1936tik gaur egunera arte eragindako sufrimenduaren mapa sortzea, lekukotasunak bilduz. Giza-mapa horretan urraketa horiek jasan dituzten pertsonak islatuko dira, hainbat informazio osagarrirekin batera.  Izan ere, herri baten memoria historikoa lantzeko lehen urratsa da herri horren iragana ongi ezagutzea. Ezin diogu etorkizunari indarrez begiratu iraganari bizkarra emanda.

Mapa hau inklusiboa izango da, transbertsala, eta deskriptibo hutsa, inolako balorazio etiko-politikoetan sartu gabe. Prozeduretan Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean sortutako eta nazioarteko hainbat gorteek jasotako irizpideei eta metodologiari jarraituko zaio. Mapa hau gure iraganari zor zaion tresna da, Etxarriko Udalak herritarren eta gizartearen esku jarri nahi duena. Ez da, inolaz ere, lan definitibo bat izango, baizik eta aurrerago gara litekeen diagnostiko-lan baten lehen urratsa edo hastapena.

Proiektu hau Nafarroan egingo den lehena izango da, eta Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuaren diru-lagunza jasoko du (Memoria eta Bizikidetza Zerbitzuaren diru-laguntza).

LEKUKOTASUNAK JASOTZEKO ZERBITZUA

Lan hau egiteko, dagoeneko zerbitzu espezializatu bateko kideak bilketa-lana egiten ari dira (Euskal Memoria Fundazioa), agiri-funtsak, hemeroteka eta bibliografia aztertuta. Baina mapa hau Etxarrin sufritu dutenen testigantza zuzenarekin jantzi nahiko genuke, alegia, giza-eskubiden urraketa pairatu duten herritarren edo euren senide eta gertukoen lekukotasunekin. Lana Iñaki Egañak koordinatuko du, eta landa-lana Joxerra Bustillo ikerlariak egingo du.

Bestalde, Etxarriko Udalak lekukotasun horiek jasotzeko zerbitzu bat jarri du martxan. Beraz, Udalak dei egiten die arrazoi politikoengatik giza-eskubideen urraketa pairatu duten etxarriarrei, edo lekuko izan direnei, edo gertaera lazgarriren bat bizi izan duen norbaiten informazio zuzena dutenei, Udalarekin harremanetan jartzera, lekukotasun horiek jasoak izan daitezen. Horretarako, interesatuek jo dezatela azaroaren 20a baino lehen, udal-taldeko kideren batengana, edo bestela deitu dezatela Euskal Menoria Fundazioko 688693778 telefonora, eta Joxerra Bustillo ikerlariak harrera egingo die. Afektatuen ekarpena erabateko diskrezioz tratatua izango da.

EUSKAL MEMORIAREN ESPARRU METODOLOGIKOA

Euskal Herrian gertatu diren giza-eskubideen urraketen eta baita ere hainbat biktima moten ukapena eta indefinizioa, gure herrian konstante bat izan dira. Biktimek badute, irizpide unibertsalen arabera, aitortza, justizia eta erreparaziorako eskubidea.

 Hainbat esperientzia metaturik eta tresna berriz hornitzeko borondatearekin, 2009an Euskal Memoria Fundazioa sortu zen, dokumentazio zentro moduan. Borondate publikoarekin eta eragile politiko bat ez, baizik eta hain zuzen ere giza eskubideen urraketa guztien bilketa eta transmisioa gizartearen eskura jartzeko tresna bat izatearen erabakia hartuta.

 Egun, Euskal Memoriak informazio bilketa lan mardula egin du, azken 80 urtetako biktima anitzen inguruan, milaka gizon eta emakume berreskuratuz, asko eta asko  anonimatuan geldituak zirenak. Era berean eta ahal den heinean, giza-eskubide bortxaketa horiek eman ziren testuinguruak.

Euskal Memoriaren zuzendaritza patronatu anitz baten esku dago, eta lanak -bai kolektiboak baita lokalak ere- historian lizentziatutako giza talde batek egiten ditu, gai bakoitzean adituek lagunduta.

Hasiera batean landutako garaiak -dela bokazioz, dela norbanako edo erakundeek egindako enkarguengatik- hasiera puntua 1948ko abenduaren 10 izan arren, praktikak XX. mendearen zatirik handiena barne hartzera eraman du Fundazioa, gaur egunera arte, gerra zibila eta gerrate mundialak bezalako gatazka larrien ikerketa zehatz-mehatzak, orokorrak eta lokalak ere gehituz.

Nafarroari  dagokionez, aurretik egon diren lanak eta artxiboak jaso ditu, tartean Gerra Zibilari buruzko garrantzitsuena, Altaffayarena, Jimeno Juriorena; hitzarmen bidez eskuratu duena. Hainbat lanketa eta ikerketa mota  egiten dituzte. Esaterako, duela bi urte euskal erbestea ikertu zuten; urte bat lehenago gerra zikinaren gaia landu zuten.

Nafarroako Gobernuak legegintzaldi honetan historia-memoria gaian kontsultarako lantaldea sortu du eta bertako bost kideetako bat da fundazioa, gobernuaren arabera bazkide gehien duena. Zortzi urtetako ibilbidean, gehienbat erakundeetarako lan egin du Euskal Memoriak (Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta hainbat talderendako). 

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean sortutako eta nazioarteko hainbat gorteek jasotako definizioak eta lan esparruak izan dira Fundazioaren lan eremua zehaztu dutenak.

IÑAKI EGAÑAREN HITZAK

“Euskal Memoriak halakoetan ohi duenez,  1936tik hasi eta gaur egunera arteko lan esparru metodologiko eta historikoa hartuko du, "80 urte horietan kudeatu memoriari dagozkion kontu guztietan" azaldu du Iñaki Egañak, fundazioko buruak. "Erabiltzen ditugun arauak nazioartean erabiltzen direnak dira. Nazio Batuen Erakundeak onartutako giza eskubideen karta 1948ko abenduaren 10ean onartu zuen eta ondorengo hamarkadetan horren inguruan sortutako arautegia da". Egañak azaldu duenez, 45-48 giza eskubide urraketa dira gaur egun: zaurituak, hildakoak, hainbat eskubideren urraketak, genero indarkeria, bahiketak, espetxeratzeak, erbesteratzeak, ihes egindakoak eta abar. "Arautegi luzea eta transbertsala dago. Deskriptibo hutsa. Sufrimendua ez dagokio ideologia bati. Gizakiaren sentimendu sakon bat da".

Fundazioak Nafarroan egin dituen lanak hiru zatitan banatu ditu, "Gerra Zibilaren ondorioak oso latzak eta sakonak izan ziren". Horregatik, ikerketaren epe bat horri, gerraren ondorio hurbilei, eskainiko dio Euskal Memoriak. "Nahiz eta Etxarrin gerra fronterik ez izan, hildako batzuk izan ziren: 11 fusilatu, tartean, 1933an alkate izandako Felix Lopez Sanchez (Litiagon, Zaragozan jaioa eta altsasuar batekin ezkondua). Errepublikaren aldean eta Francoren armadan etxarriar hildakoak asko izan ziren; 25-26 bat. Bestalde, erbestera joan zirenak, espetxeratuak izan zirenak eta abar.

Frankismoa izanen da beste epe bat. "Giza eskubideen urraketak banan-banan aztertuko ditugu. Eta, ahal den neurrian, anonimotasuna gaindituz, izen abizenak jartzen kasu guztietan". Euren asmoa da dituzten eta jasoko dituzten datuekin "ahal den neurrian mapa osatzea". Egañak jakinarazi duenez, hildako azken makia Francisco Etxeberria etxarriarra izan zen, 1951n Oiartzunen hila. 

Azkenik, joan den mendeko 50eko hamarkadatik gaur egunera arteko epea dago. Aurreko epetako metodologia berarekin aztertuko dituzte giza eskubideen urraketak. "Badakigu hildako batzuk izan zirela, kontroletan, gauza bera: espetxeratuak, torturatuak, bahituak, hildakoak kontroletan. Aipatzekoa da Jesus Ulaiar alkate ohiaren hilketa, gerra zikineko-15 bat gertakariak, kale borrokako ekintzak… Nahi badugu mapa osotasunean eraiki, sufrimendu guztien adibideak jarri beharko genituzke. Horiek kontuan izanik lanari helduko dio fundazioak”.

 

ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus