Etxarri Aranatz

ALDEZ AURREKO KONTSULTA: ETXARRI ARANAZKO UDALAREN DIRU LAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 133.1 artikuluak ezartzen duenez, lege baten edo erregelamendu baten proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren web-atariaren bitartez, eta jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauaren eraginpean gerta litezkeen  Subjektuek eta erakunderik ordezkagarrienek puntu hauei buruz:

a)Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.

b)Arau hori onestea beharrezko eta egoki den.

c)Arauaren helburuak.

d)Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.

Dokumentu honen helburua da horri erantzutea, eta Etxarri Aranazen eraikuntzen zaharberritze eta apainketa eta bestelako obretarako laguntzak arautzen dituen ordenantzaren gaineko aldez aurreko kontsultarako oinarri izatea, halako moduz non arauaren hartzaile izan daitezkeenek, eta herritarrek oro har, aukera izan dezaten parte hartzeko eta ekarpenak egiteko.

===========================================================================

Etxarri Aranazko Udalak, eta haren menpeko erakundeek, diru-laguntza ugari ematen dituzte, pertsona fisiko eta juridikoen, eta erakunde publiko eta pribatuen eskaera sozial eta ekonomikoei erantzuteko.

Diru-laguntzak sustapen teknika bilakatu dira, bai eta Administrazioa partikularrekin elkarlanean aritzeko tresna ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera, besteak beste, ondoko esparruetan: gizarte ekintza, pertsonen eta herrien arteko lankidetza eta elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, jarduera ekonomikoa sortzea, ekintzailetza, enplegua eta merkataritza, interes publikotzat jotako hainbat jarduera pribaturen sustapena, aisia eta denbora librea edo, halaber, herritarren parte-hartzea, hori zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren eskakizuna den aldetik.

Diru-laguntzen ordenantza orokor honek printzipio orokor multzo bat du oinarri, eta diruz lagundutako jarduerak uneoro hartu behar ditu kontuan: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza, eraginkortasuna eta eragimena. Diruz lagundutako jarduera beti saiatuko da, gainera, diru-laguntzak ezartzeak merkatuan izan lezakeen eragin desitxuratzailea txikiagotzen, eta diru-laguntzak ematea justifikatu duten bitartekoen eta helburuen arteko adostasuna mantentzen.

Printzipio horiekin batera, planifikazioa gauzatu beharra dago: diru-laguntzei buruzko plan estrategiko bat eratu behar da, hala helburuak eta sortu nahi diren eraginak nola aurreikusten diren kostuak eta finantza-bideak zedarritzeko. Plan horrek posible eginen du diru-laguntzak emateko proposamena egiten duten organoek planaren aplikazioaren ondorioz lortzen diren emaitzak kontrolatu eta ebaluatzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak –zeina, 3.1.b. eta 3.2. artikuluetan ezarritakoa betez, aplikatzekoa baita hala Udalean nola Musika eskolako jarduera administratiboan– 9.2 artikuluan ezarri du diru-laguntzak eman baino lehen horien kontzesioa arautzen duten oinarri erregulatzaileak onetsi beharko direla, Lege horretan ezarritako baldintzetan; ondoren, dagokion Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da. Aipatutako Legearen 17.2 artikuluaren arabera, bestalde, tokiko korporazioen diru-laguntzak arautzen dituzten aipatutako oinarri erregulatzaileak aurrekontua betetzeko oinarrien baitan onetsi behar dira, diru-laguntzen gaineko ordenantza orokor baten bitartez edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, diru-laguntzen modalitate bakoitzerako.

Aurreko lerroaldean azaldutakoa betetzeko, beharrezkoa da onestea esparru juridiko egoki bat, Etxarri Aranazko Udalak zein bere ente instrumentalek eman beharreko diru-laguntzen oinarriak arautuko dituena. Esparru juridiko hori, betiere, azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legeari egokitu behar zaio. Hori Diru-laguntzen ordenantza orokor honen bidez gauzatuko da; izan ere, ordenantza honek erregulatuko du haien gaia dela medio indarra duen ordenantza berariazkorik ez duten diru-laguntzen araubide juridiko orokorra. Berriz, diru-laguntzen gainean berariazko ordenantza duten alorretan –aipatutako 17ko 38/2003 Legera egokitu ondoren–, eta etorkizunean berariazko ordenantza propioa izan dezaketen alorretan, berariazko ordenantza propio horiei eginen zaie men, baina, nolanahi ere, ordenantza hau aplikatzen ahal zaie, haien ordez.

Ez da aurreikusten izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile edo ez-erregulatzailerik.

===========================================================================

ORDENANTZAREN TESTUA.

Dokumentu hau interesdunen eskura jartzen da Etxarri Aranazko Web orrian, hala ezartzen baitute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 133 artikuluko 1. eta 4. idatz-zatiek.

 

Etxarri Aranazen 2018ko otsailaren 26an

Alkatea: Eneka Maiz Ulaiar

ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus