Etxarri Aranatz

ZIKINKERIA ETA ZABARKERIA ETXARRIKO FRONTOIAN

ZIKINKERIA ETA ZABARKERIA ETXARRIKO FRONTOIAN

Azken honetan Etxarriko frontoian zikinkeria nagusitzen ari da. Argazkietan ikus daitekeen moduan, lurrera botatako zaborra onartezina da: latak, poltsak, botilak eta kristalak, zigarrokinak... Baina ez hori bakarrik; zenbaitek bertan pixa eta kaka egiteko ohitura ere hartu dute. Badirudi herritar batzuek frontoia “pipero” moduan erabiltzen dutela, pilotalekua edateko, jateko, kontsumitzeko eta komun bezala erabiliz. Egunero-egunero udal-langileak eta Pilota Eskolako kideak zabor eta kirats horiek garbitzen ibili beharrean daude.

Hori gutxi balitz, azken honetan argia pizteko erabiltzen den kaxako kandadoa 5 aldiz agertu da puskatuta, argia baimenik gabe erabiltzeko. Gainera, gero  ez dute itzaltzen eta gau eta egunez piztuta uzten dute, argi-indar gastu izugarria sortuz. Egoera hau jasanezina da, batetik, gastua handia sortzen delako (argi-indarra eta langileen lan-orduak), eta bestetik, zikinkeria horrek Pilota Eskolaren entrenamendu eta partidoetan arazo onartezinak sortzen dituelako.

 

Beraz, eta egoera hau zuzentzen ez den bitartean, Pilota Eskolarekin oraingoz frontoia ixtea adostu da, eta baimena duten elkarte edo eragileek bakarrik izango dute erabiltzeko aukera. Horretaz gaiz, oraingoz herritarren batek frontoia kirola egiteko erabili nahiko balu, udaletxean baimena eskatu eta giltza jaso beharko du, bulegoko ordutegian (10:00etatik 14:00ak arte), edo korreo elektronikoz (kultura@etxarriaranatz.eus). Bestalde, frontoia partidu edo jarduera publikoetan herritar guztiendako irekita egongo da.

Espero dugu egoera konpontzea, eta frontoiaren erabilera okerra egiten duten haur eta helduek zuzen jokatze, batzuengatik herritar guztiak kaltetuak izan daitezkeelako.

Zoritxarrez, zikinkeria (txutxe-poltsak, latak, jana, aluminioak, pipak, zigarrokinak…) lurrera botatzeko ohitura oso zabaldua dago: ikastolako eta eskolako patioan, plazan, tabernen aurrean, txutxeak saltzen diren establezimenduetan… Horrek guztiak zikin eta zabar itxura ematen dio gure herriari, eta kalte handia egiten dio inguruneari.

 

ZAINDU GURE HERRIA!
 

EZ BOTA ZABORRIK LURRERA MESEDEZ!

ETXARRI ARANAZKO UDALA

ETXARRI ARANAZKO UDALA
Kale Nagusia 10 · 31820   Etxarri Aranatz [NAFARROA] · T. 948 460 004 · F. 948 460 586 · udala@etxarriaranatz.eus