2017/06/02
Etxarri Aranazko mendi pistak eta bideak erabiltzeko arautzen duen Ordenantza: aldez aurreko kontsulta
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 133.1 artikuluak ezartzen duenez, lege baten edo erregelamendu baten proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren web-atariaren bitartez, eta jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauaren eraginpean gerta litezkeen subjektuek eta erakunderik ordezkagarrienek puntu hauei buruz:
a)Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.
b)Arau hori onestea beharrezko eta egoki den.
c)Arauaren helburuak.
d)Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.
Dokumentu honen helburua da horri erantzutea, eta Etxarri Aranazko mendi pistak eta bideak erabiltzeko arautzen duen Ordenantzaren gaineko aldez aurreko kontsultarako oinarri izatea, halako moduz non arauaren hartzaile izan daitezkeenek, eta herritarrek oro har, aukera izan dezaten parte hartzeko eta ekarpenak egiteko.
Etxarri Aranazko herri-bideen sarea etxarriar guztien ondarearen zati bat da. Udalbarrutiko mendi eta soroak kontserbatu eta haien aberastasuna eskuratzeko ezinbesteko elementua da. Era berean, funtsezko elementua da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien zein ibiltarien joan-etorria errazteko. Kontserbazio-egoera onean egoteak onura handia dakarkie bizilagunei.
Etxarri Aranazko herri-basoko pistak eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen direnez, beharrezkotzat jo da haien erabilera arautzea, hiru helburu hauek kontuan hartuta: Etxarri Aranazko ondare naturaleko balioak babestea, erabiltzaileek—etxarriarrek bereziki— basoa zein bideak modu egokian erabil ditzaten lortzea eta horiek erabiltzeko moduan mantentzea.
Beraz, ordenantza honen helburua da Etxarri Aranazko mendi pistak eta bideak erabiltzeko arauak ezartzea goian aipatutako hiru helburu betetzeko.
Ez da aurreikusten izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile edo ez-erregulatzailerik.
Dokumentu hau interesdunen eskura jarri da Etxarri Aranazko web-orrian, hala ezartzen baitute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 133 artikuluko 1. eta 4. idatz-zatiek.