2014/09/25
EMAKUMEA ETA EUSKAL PILOTA ERAKUSKETA IKUSGAI ETXARRI ARANAZKO KULTUR ETXEAN
Urriaren 3ra bitartean
Ordutegia: 17:00-20:00
Etxarri Aranazko kultur etxean urriaren 3ra bitartean Emakumea eta Euskal Pilota erakusketa dago ikusgai. XX. mendean munduko kantxarik garrantzitsuenetan ibili ziren emakumeak omentzeko. Erakusketa hau Gernikako Euskal Herria museoan egon da aurrez eta ordutegi hau izango du: astelehenetik igandera 17:00etatik 20:00etara. Bost atal ditu erakusketak (Sakea, Tanteoa, Kantxa, Kontrakantxa eta Hemen eta orain) eta XX. mendean munduko kantxetan erraketistek izan zuten presentziaren berri ematen du. Horretarako, lekukotzak eta mota guztietako materialak daude, batez ere, erraketak, erraketisten jantziak, Mercedes de Miguel diseinatzailearen zirriborroak, argazkiak, … Bi ikus-entzunezko ere badaude aretoan eta orain arte erraketisten gainean berreskuratu den informazioa dago eskura. Izan ere mundu mailan Euskal Pilotaren alorrean emakumeak izan duen zereginari buruzko ikerketa-lan interesgarria da erakusketa hau.
Etxarriko Pala Eskolako ibilbidearen erakusketa
Erakusketari Etxarri Aranazko nesken pala eskolaren inguruan atal berri bat gehitu diogu. Pala eskolako gurasoek bildutako argazki, txapela, garaikur, etab…-ez osatutakoa. Etxarriko pala eskola 2000. urtean sortu zen, Etxarriko neskendako pala jokoa sustatzeko asmoz. Pala Eskola Gure Pilota Eskolaren barruan integratua sortu zen. Gure Pilota Eskolak Eskupilota Eskola eta Pala Eskola biltzen ditu bere baitan. Pala Eskolaren sustatzaile nagusia Miguel Aristorena izan zen, Telletxea zenaren laguntzarekin. Gero, Saioa eta Yanira alabak gehitu zitzaizkion. Garai haietan, neskek aukera gutxi zuten kirola era antolatu batean egiteko (futbitoa eta gutxi gehiago). Egoera ikusita, eta neska batzuen temaren ondorioz, guraso batzuek erronka berri bati heldu zioten: 5-6 neskekin eskola martxan jarri zuten. Udalaren baimena zuten astean 2 ordu entrenatzeko, eta Venturarekin akordioa egin zuten, bera baitzen momentu hoietan eskuzko pilotaren zuzendaria. Gaur egun 8 urtetik gorako 30 neska ari dira entrenamenduetan. Indar handia hartu duen eskola da, erreferente bihurtu dena Nafarroako eta Euskal Herriko nesken pala jokoan.