2021/03/18
MOTXILADUN UMEAK, Etxarriko SAREk aurkeztutako mozioa:
Covid19 + urrunketa = umezurtz, hori da oraintxe bertan motxiladun umeen errealitatea. Urte luzez haur eta nerabe askok bidai amaigabeak egitera behartuak izan dira haien aita, ama edo biei muxu bat eman ahal izateko; aurten ordea bizi dugun pandemiaren eraginez, oztopo berri bat agertu da motxiladun umeen eta haien guraso presoen arteko harremanean. Oraintxe bertan espetxean gurasoren bat edo biak dituzten 18 urtetik beherako 86 haur daude Euskal Herrian (orain arte hiru gure herrian, atzotik bi), eta 18 urtetik gorako hainbat gazte daude (horietatik bi gure herrian), eta batzuek 10 hilabete luze daramatzate haien gurasoak besarkatu gabe; haien ahotsa entzun dezakete dei baten bitartez baina ezin dituzte ikusi, ezin dituzte ukitu, ezin dute haiekin jolastu eta ezin diete muxurik eman; guzti honek haur baten garapenean izan ditzakeen ondorio guztiekin.
Egoera hau onartezina da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duenez, guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituzte, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia-bizitzan, eta, horregatik, espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko aukerak ematea familia-bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da; baina motxiladun umeen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten dira.
Euskal presoak Covid19aren eraginez inoiz baino isolatuago daude, eskubide urraketa are bortitzagoa da eta haien etxetik gertuen dagoen espetxean egotea dagokie.
Gainera guraso presoek, preso izateagatik ez diote guraso izateari uzten, eta salbuespenezko espetxe politikak zigor gehiagotu hau ere ezartzen die. Ezin dute haien seme-alabekin harreman normalizatua mantendu, hilabetean behin ikusten dituztelako eta ez dute haien egunerokotasuna ezagutzen; laburbilduz, ezin dute guraso papera gauzatu haien seme- alabengatik hain urrun egonda eta erregimen itxian egonda. Legeak, eta legea aplikatzeko praktikak, erakutsi du preso egonda ere badaudela guraso izaten jarraitzeko aukerak, baimen bereiak, plera elemaikoak akerak egon badade ea horiek aplika behar zaizkie lehen-bait lehen guraso preso hauei. Aplikatzen zaien salbuespen legediagatik ez balitz, motxiladun haurrek ez lukete guraso presoaren oraingo ausentzia handi hori izango. Izan ere, guraso preso gehienak egoera erabat desberdinean leudeke: Euskal Herriko espetxeetan, tarteka baimenei esker etxean, 3/4ak beteta dituztelako baldintzapeko askatasunean, edo 3.graduan espetxera lotara bakarrik joanez.
Zorionez atzotik gure herrian motxiladun ume bat gutxiago dago. Sufrimendu bat gutxiago. Baina zoritxarrez oraindik, Amets eta Aize umeen eta Xochitl eta Izar gazteen aitek ehundaka kilometrotara urrunduak jarraitzen dute. Eta ez da bidezkoa.
Horregatik, Etxarri Aranazko Udalak eskatzen dio Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari ezen, azaldutako guztia oinarritzat hartuta, har ditzala adingabe eta gazte hauen eskubideak bermatuko dituzten neurriak eta utzi diezaiola beraz, harremana izaten beraien aitarekin, eta bere familia-inguruan. Horregatik Asier Karrera, Jaun Ramon Karasatorre eta Unai Parot Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea eskatzen dugu.
Udal honek Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari eta Audientzia Nazionaleko Espetxe- Zaintzako Epaitegiari bidaliko dio akordio hau, pertsona horiek erakunde horien jurisdikzioaren eta zaintzaren pean baitaude.
Etxarri Aranatzen, 2021 martxoaren 15ean