2011/12/01
Jakina den moduan, UEMAk urriaren 1ean egindako Batzar Nagusian zuzendaritza berria aukeratu zuen. Zuzendaritza 10 lagunek osatzen dute, tartean bi nafarrek: Jon Arbril (Bera) eta Eneka Maiz (Etxarri Aranatz). Gainontzeko ordezkariak dira Mikel Ansotegi (Aulesti), Asier Mujika (Arama), Lexuri Arrizabalaga (Gatika), Oibar Egia (Gizaburuaga), Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia), Maren Belastegi (Bergara), Miren Irigoien (Oiartzun) eta Josetxo Mendizabal (Zestoa). Lehendakaria Maren Belastegi da (Bergara).
Ostiralean Etxarriko udaletxean egindako bileran, honako gai hauek landu ziren nagusiki:
- UEMAn sartzeko interesa adierazi duten udalerri berriak.
- UEMAren idazkaritza non kokatu.
- UEMAren kontu-hartzailetza non kokatu.
- Hurrengo Batzar Nagusia prestatu:
- Hurrengo Zuzendaritza batzorderako data eta tokia finkatu.
UEMAren Batzar Nagusia Zumaian
Zuzendaritza hurrengo Batzar Nagusia prestatzen ari da. Batzarra ilbeltzaren 14an izanen da, Zumaian. Bertan UEMAko kide diren 61 herrietako ordezkariak batzartuko dira, eta 2011ko balantze teknikoa eta ekonomikoa eginen dute, UEMAn sartzeko eskaera egin duten herriak onartuko dituzte, eta 2012ko egitasmoa tekniko eta ekonomikoa onartuko dute, besteak beste.
Sakanako 3 udalerri dira UEMAko kide
Sakanan 3 udalerri daude %70eko euskaldun kopurutik gora dutenak: Arruazu, Ergoiena, Arbizu, Etxarri eta Urdiain. Baina azkeneko hiru horiek besterik ez dira UEMAko kide.
Etxarriri dagokionez, eta azken datu ofizialen arabera, 2001ean 2.307 biztanle zituen. Horietatik 1.699 euskaldunak ziren, 380 ia euskaldunak eta 228 erdaldunak. Etxarri Aranatz 2001etik da UEMAko kide, eta urte berean Etxarri Aranazko Udalak Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu zuen plenoan.
Arbizuri dagokionez, 2001ean 769 biztanle euskaldunak ziren, 90 ia euskaldunak eta 68 erdaldunak. Arbizu 1993tik da UEMAko kide. Handik urte batzuetara, 2001. urtean, Arbizuko Udalak Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu zuen plenoan.
UEMAren xede nagusia: euskararen arnasguneak zabaltzea
UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) 1991an sortu zen, eta udalerri euskaldunak (herritarren %70etik gora euskaldunak izatea) biltzen ditu. Gaur egun 200.000tik gora euskaldun bizi da herri horietan. Honako hauek izan ziren martxan jartzearen oinarrizko helburuak:
- Gune euskaldunetan euskararen erabilera arlo sozial guztietara zabaltzea eta udal euskaldun guztiekin euskara nagusi izango den lur-gunea antolatzea.
- Udalerri euskaldunen eginkizuna garrantzi handikoa da euskararen normalizazio prozesuan. Euskarak, biziko bada, berez nagusi izango den lur-gunea behar du, eta hori nolabait gauzatuko da udalerri euskaldunak batuko balira. Hau da, Euskal Herrian egoera minorizatuan badago ere, udalerri euskaldunetan euskara da nagusi eguneroko harreman arruntetan behintzat.
- Hizkuntz planifikazio aurrerakoia egin daiteke udal euskaldunetan, normalizazio bidea erdaldunetan baino errazagoa delakoz. Izan ere, udal euskaldunetan berezko euskal sareek (familia, lagunartea, eskola, administrazioa, gizarte-zerbitzuak, lan mundua...) erraztu eta ahalbideratu egiten baitute euskararen erabilera.
12 udalerri nafar UEMAn
UEMAk 61 herri ditu Euskal Herri osoan, eta horietatik 12 nafarrak dira: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Bera, Etxarri, Etxarri Aranatz, Goizueta, Larraun, Leitza eta Urdiain. Badira beste zenbait herri UEMAn sartzeko baldintza betetzen dutenak, eta horietako batzuk UEMAn sartzeko aukera aztertzen ari dira.