1312ko irailaren 17an, Nafarroako Gobernadorea zen Enguerrand de Villiersek herri-karta eman zion Etxarri Aranatzi. Hortaz, gure herriak 700 urte bete berri ditu, eta, hori gogoratzeko, irailaren 16an, Haritza Bihotzean arbola mustu zuen Etxarri 2012 taldeak, errotondan. Ekitaldian Etxarri 2012ko ordezkari batek eta udaleko beste batek hitz egin zuten. Herriko dantzariek dantzakia dantzatu zioten haritz zaharrari, eta gero auzatea eman zen.
Asmoa da ia 8.000 kilo dituen haritz zahar hau etxarriarron sinbolo izatea, eta gure herriaren identitate ikurra: izan ginena, garena, eta izanen garena. Zainak eta adarrak bat eginik dituen herria gara, zuhaitz zaharrak bezalaxe. Arbola hau gure historiaren lekuko zaharrenetarikoa da. José Miguel Maiza etxarriarrak eman zion buelta zuhaitzari, lote bat aprobetxatuta.
Zerrendara itzuli