2014/12/24
issuu.com/etxarriaranhazten/docs/aurkezpena_eus__4__1_/1
-------------------------------------------------------------------------------------------------------- HONDAKINEN KONTSULTAREN EMAITZEN TXOSTENAZ ETXARRIKO UDALAK EGINDAKO BALORAZIOA: -------------------------------------------------------------------------------------------------------- Aztiker Consulting enpresak egindako txostena ikusirik, zenbait datu nabarmendu daitezke, eta ondorio batzuk atera daitezke: -Norberaren esperientziari dagokionez, %78,8 ongi moldatu da sistema berrira, eta %71,5ek dio lehen baino gehiago birziklatzen duela. Gehienak ongi moldatzen dira etxean, eta ongi moldatzen dira atez atekoaren ordutegiarekin eta konposterekin. Larrialdiguneaz, ordea, % 26 inguruk uste dute zerbitzua ona dela, baina % 26k dio hobetu daitekeela, eta % 10k dio eskasa dela. Garbiuneaz %45ek ona dela uste du, baina %31k hobetu daitekeela uste du. -Oso aipatzekoa da hondakinekiko kezkari dagokionez, oso ehuneko handiak (%86,9) uste duela hondakinen gaia oso kezkagarria dela, eta gehienek uste dute Nafarroan beharrezkoa dela gestio sistemak aldatzea (zabortegiak, erraustegiak, bilketa sistemak…). Nabarmendu daitekeen beste datu bat da %82,9k uste duela gehiago birziklatzen den herrietan gutxiago ordaindu beharko genukeela. -Iritziariaren atalean, %82k uste du sistema berria ezarri zenetik egindako ahaleginak merezi izan duela. -Aurrera begirakoari dagokionez, bostetik lau (%80,2) sistema berriaren alde dago. Horietatik %62,4 orain dagoen bezalaxe utzita, eta %18,2 alde dago baina aldaketaren bat eginen luke. %19,4k, ordea, beste sistemaren bat nahiko lukete. -Parte hartzeari dagokionez (416 lagun): batetik, esan liteke jende askok ez duela erantzun, eta nahaigo genukeela denek edo gehienek erantzun izan balute, denen iritzia interesatzen zaigulako. Baina bestetik, ikusirik galdeketa zabala zela (16 galdera), eta betetzeak ahalegina eta hausnarketa eskatzen zuela, esan daiteke parte hartzea esanguratsua izan dela. Gainera, ikusi da etxe askotan familia unitate bezala erantzun dutela, eta bakar batek erantzun duela (etxeko hondakinen arduradunak), familiaren izenean. Bestetik, parte hartu ez dutenei erreparatuta, ikus daiteke etxarriar askok ez duela erantzuteko premiarik ikusi, eta gaia ez dutela liskarrez bizi. Ondorioztatzen da herrian lasaitasun handia dagoela zabor bilketaren gaiari dagokionez. Beraz: -Oro har esan daiteke etxarriar gehinak (bostetik lau) 2012ko udan ezarri zen sistemarekin ongi moldatu direla, eta ados daudela sistema berriarekin. Baina egindako ekarpenak ere asko izan dira, eta hobetu beharrekoak ere bai, batez ere konposterei dagokienez, larrialdiguneari dagokionez, eta garbiguneari dagokionez. -Emaitza honen txostena Sakanako Mankomunitateari aurkeztuko diogu, hemendik aurrerako jardunbide eta erabakietan etxarriarren iritzia kontuan har dezan, eta sistema hobetzeko egindako ekarpenak gauzatu ditzan. -Amaitzeko balorazio bat egin nahi dugu: hondakinen sistema aldaketan urrats handia izan da eman duguna, baina asko dago egiteko eta hobetzeko oraindik. Eskerrak eman nahi ditugu udalaren izenean: Udal langileei, egindako lanagatik, Sakanako Mankomunitateari eta Nafarroako Estatistika Institutuari, emandako aholkularitza teknikoagatik. Baina bereziki: Hondakinen Batzordeari, gai honetan aitzindari izateagatik eta egindako lanagatik, eta baita ere AZTIKER Consulting enpresari/Asier Etxenikeri, izan dugun elkarlan aberatsagatik. Eta nola ez, etxarriar guztiei, prozesu honetan guztian izandako inplikazioagatik eta egindako ahaleginagatik.