Etxarriko liburutegiak Etxarriko euskal gramatikagile klasikoaren izena hartu du: Bitoriano Huizi Liburutegia. Izan ere, Huizi izan zen Nafarroan euskararen lehen gramatika idatzi zuen gramatikagilea.
Bitoriano Huizi etxarriarrak, 1899an, Manual De Gramática Bascongada eskuliburua idatzi zuen, Etxarrin apaiz lanetan ari zela. Nafar batek idatzitako euskarazko lehen gramatika izan zen, eta atarikoan esaten duenez, apaizei laguntzeko, euskaldunak alfabetatzeko, eta erdaldunei gure ohituren altxorrik preziatuena zabaltzeko (gure hizkuntza) idatzi zuen liburu hau. Euskarak orduan Nafarroan zuen egoera itogarriaren lekuko zuzena izan zen Huizi, euskaltzale amorratua baitzen. Euskararen defentsa sutsua egin zuen, eta euskaren jazarpena salatu zuen. Sentipen hori ageri da bere eskuliburuaren sarreran.
Eskuliburua motza da, (143 orrialde), eta hiru atal ditu. Lehenbizi gramatika bera dator, hainbat gramatika atal dituena. Horretaz gain, mila bat hitzeko hiztegi bat dakar (Diccionario de algunas voces más usadas en esta Villa de Echarri-Aranaz y en su comarca). Gero, ariketa-gaiak datoz: lehenbizi "Temas" izenburupean sei gai txiki, perpaus laburrez osatuak; ondoren, "Diálogo" izeneko bat: hasieran galde erantzunka emana, eta gero gai mamitsuagoak eskainiz. Bai gaiak, bai elkarrizketa, euskaraz eta erdaraz ematen dira.
1999an ehun urte bete ziren Huizik esku-liburua argitaratu zuela: Hori dela eta, 1999ko apirilaren 24 eta 25ean, Etxarri Aranatzen, Bictoriano Huizi-ren eta Aingeru Yrigarairen mendeurrena oroitzeko ekitaldia egin zen Etxarri Aranatzen, Euskaltzaindiak eta EtxarrikoUdalak antolatua.
Etxarriko liburutegiak Etxarriko euskal gramatikagile klasikoaren izena hartu du: Bitoriano Huizi Liburutegia. Izan ere, Huizi izan zen Nafarroan euskararen lehen gramatika idatzi zuen gramatikagilea.
Bitorianao Huizi González de Villazón Etxarri-Aranatzen jaio zen, 1860.eko irailaren 6an, eta 1938.eko irailaren 19an hil zen. Aita Justo Huizi etxarriarra zuen, eta ama Anastasia Dionisia Manuela González de Villazón etxarriarra. 6 seme-alaba izan zituzten, eta Bitoriano gazteena izan zen. Baina berak lau anaia-arreba besterik ez zituen ezagutu: Inocencia, Francisco, Narcisa eta Mª. Cruz.
Apaiz izateko ikasketak Iruñeko San Migelgo apezgaitegian burutu zituen, hau da, hiru urteko humanitateak, bi urteko filosofia, eta sei urteko teologia, honen ostean, 1885. urte inguruan apeztu zelarik. Behin apeztuz geroz, hamalau urtez izan zen erretore eta beste zazpi urtez ari izan zen apaiz laguntzaile Nafarroako hainbat tokitan. Apez moduan burutu zituen lehenbiziko lanek Aezkoara eta Itzara eraman zuten; Abaurrepera eta Larunbera, hain zuzen ere; halaz guztiz, ez zen luze egon sorterritik kanpo. 90.eko hamarkadarako Unanun eta Uharte Arakilen izan genuen erretore; Ergoienako herrian, bestalde, latin eta humanitate irakasle ere jardun zuen. Izan zituen ikasleen artean Lakuntzako Blas Alegria euskal idazlea zegoen.